NAIZEN
Hitzaldia Aingeruren esperientziarekin hasi zen. Hemen, bere alabaren
prozesu osoa nolakoa izan zen aipatu zigun. Hasiera batean, Aingeru eta bere
familiak mutila zela pentsatzen zuten, bere genitalen arabera epaitua izan
zelako. Hortik abiatuz, inkontzienteki, estereotipo eta rol batzuk ezarri
zizkioten, baina denbora aurrera joan ahala, beraien alabak rol eta estereotipo
hauek ez zituen jarraitzen. Hau da, esaterako bere amak guapo deitzerakoan,
bere erantzuna “apo” ez “apa” zela izan zen. Honekin batera, beti printzesa eta
soinekodun jantziekin janztea zuen gustuko. Oraindik txikia zenez, ez zioten
garrantzi handirik ematen, baina joera hau aldatzen ez zuela ikusiz, larritzen
hasi ziren. Orduan konturatu ziren beraien alabak zituen jarrera eta jokabide
horiekin zerbait aldarrikatu nahi zuela, ez zela gustu kontua soilik.
Hemendik aurrera, bere alabaren egoera onartu eta prozesu osoan zehar, bere
alboan egon ziren eta haien laguntza eskaini zioten. Bere inguruko pertsonei
eta orokorrean gizarteari bere identitatea zein zen azaldu zieten eta behin
alaba onartua sentitu zenean, bere jokabide edo aldarrikapen hain
estereotipatuak nabarmenki gutxitu ziren.
Hitzaldiaren bigarren zatian Luarrek hartu zuen hitza. Luar mutil
transexual bat da, baina bera ez da honetaz konturatu hogei bat urte zituen
arte. Ordura arte, neska bat zela uste zuen baina ez zituela neskei atxikitzen
zaizkien rol guzti horiek betetzen.
Nerabezaroan neska homosexuala zela uste zuen baina kontua haratago joan
zen. 20 urte zituela Naizenen hitzaldi batera joan zen eta bertan esandako
guztiarekin, berari gertatzen zitzaiona hori zela konturatu zen. Egoera hau
onartu zuenean, bere inguruko lagun eta bikoteari, nolabait egoera azaldu zien,
baina hala ere, etxean oraindik ez zuen bere egoera azaldu eta hau nola egin ez
zekienez, eskutitz baten bitartez adieraztea pentsatu zuen. Amak hasiera batean
egoera nolabait ulertu arren, hau ez zuen guztiz onartzen. Luar Erasmusera joan
zenean, Ekai Ondarruko mutil batek egoera berdinean zegoenak, bere buruaz beste
egin zuen. Momentu horretan Luarren ama konturatu zen egoeraren errealitatez
eta zuen pentsamoldea aldatu ezean, berdina gerta zitekeela ohartu zen. Orduan,
amak bere babesa eta laguntza eskaini zion eta orain dela 6 hilabete Luar
hormonatzen hasi zen.
Luarrek aipatzen zuen, hormonatzearen prozesua lortzea zein zaila zen.
Lehenik eta behin, medikuarengana joan zen eta medikuak psikiatrarengana bidali
zuen eta bere egoera onartu zutenean hasi zen tratamenduarekin. Azpimarratu
zuen prozesuaren hasieratik hormonazio prozesua hasten den arte, denbora tarte
oso luzea pasa zela. Beraz, argi ikusten dugu pertsona bakoitzak nahi duen modukoa
izateko, askotan, oztopoak izaten dituztela eta horretan gizarteak izugarrizko
eragina duela.
Guzti hau entzun ondoren, horren inguruan denbora luzez hausnartzeko aukera
eman digu hitzaldi honek. Egoeraren gordintasunaz eta errealitateaz ohartzeko eta
guk, gizarte honen parte garen heinean egoera horien aurrean dugun funtzioaz
eta rolaz ohartzeko balio izan digute Aingeruren eta batez ere Luarren hitzek.
Era berean, hitzaldi honetan, bai egoera ikusteko eta bai egoera aurrera
eramateko aukera, bide edo ikuskera desberdinak daudela ikusi dugu. Horrekin
batera, argi utzi digute orain dela urte batzuekin alderatuz, nabarmenak direla
eman diren aurrera pausoak. Baina era berean, zenbait hitz edo esanekin argi
utzi digute, badutela bai Naizen-en bertan eta badugula bai gizartean
orokorrean, oraindik egitekorik, badaudela eraldatu beharreko pentsamenduak eta
ikuskerak, hau da, oraindik badagoela berreraiki beharreko errealitate berri
bat, binarismo honen erreprodukziotik haratago joan behar dena.
Bukatzeko, irakasleek izan beharko luketen rolari buruz hitz eginez, esan
beharra daukagu, irakasle moduan, pertsona guztiak garen bezala onartu eta
errespetatu behar eta beharko ditugula. Horretarako, zenbait gai didaktiko
lantzeko orduan, esaterako giza gorputza, ezin ditugu estereotipatutako edo rol
zehatz batzuk jarraitzen dituzten gorputzak erakutsi. Hau da, ezin dizkiogu
atxikitu genero femeninoari rol eta ezaugarri zehatz batzuk eta genero
maskulinoari beste rol eta ezaugarri batzuk; balitekeelako emakumea izanda
emakumeei atxikitzen zaizkien rol edo ezaugarri horiek ez betetzea edota
alderantziz. Edo zuzenagoak izateko, ezin diogu haur bati genero zehatz baten
inposaketarik egin. Hortaz, gorputz mota edota izateko edo jokatzeko modu jakin
eta zehatz batzuetan zentratu gabe, gure egitekoa irakasle zein gizarte
honetako indibiduo bezala, haur bakoitzari den bezalakoa izaten uztea da; den
bezalakoa izanda onartzea eta errespetatzea eta den bezalako hori izateko eta
erakusteko babesa, indarra eta autoestimua lantzea eta ematea.
“COMPRENDER PARA PODER ACOMPAÑAR”
https://www.eitb.eus/es/television/programas/punto-de-vista/transexualidad/videos/detalle/6077892/video-luar-yo-soy-chico-yo-se-lo-siento-asi/ → Luarren elkarrizketa
Comentarios
Publicar un comentario