IPUINEN HAUSNARKETA.
Aste hauetan aniztasunari buruzko liburu asko landu
ditugu, guztira hiru izan dira. Bi ipuin irakurri genituen eta beste ipuin
baten istorioa azaldu genuen azken hau gazteleraz zegoelako.
Ipuinak irakurtzen hasi baino lehen errituala egin
genuen, hau ezinbestekoa iruditzen zaigulako haurren arreta gureganatzeko.
Ondoren, haurrak ipuinen parte sentitzeko ipuina kontatzen hasi baino lehen
ipuinak lantzen zituen gaiak aipatu genituen “ipuin honetan familia ezberdinak
agertzen dira, gureak bezala, ipuinen protagonistek familiak dituzte”. Esaldi
hau esanez entzuleen arreta guztia bereganatu genuen.
Hasierako irakurketan bi liburu desberdinetatik
istorio bakar bat osatu behar izan genuen aniztasuna gai nagusia izanik.
Konbinatutako bi liburuak animaliei buruz hitz egiten zuten eta egile berdinak
osatuak ziren. Hau kontuan hartuz, bi ipuin horietatik bi istorio ezberdin lotu
genituen animalia berdinak protagonistak zirelarik. Horrela, familien
aniztasuna landu genuen eta familia bakoitzaren barruan kide bakoitzak zituen
berezitasunak azaldu genituen, bi ipuinek landu nahi zuten aniztasunari indarra
emateko asmoz. Bi liburu hauen irakurketa konbinatua osatzeko funtsezkoa zen
entzuleen parte-hartze aktiboa; hala izan zen eta oso ondo pasa zuten.
Ahoskera oso
ona eduki genuen, argia eta lasaia erritmoaren aldaketa beharrezkoak eginez eta
doinu egokia erabiliz. Ipuinek eskatzen zutenean etenak egin genituen eta
irakurtzerakoan izan genuen erritmoa egokia izan zen, ez oso azkarra, ez oso
motela.
Nahiz eta gauza asko egoki egin, beste gauza batzuk
hobetzeko ditugu; adibidez, hitzik gabeko orriei garrantzia eman behar zitzaien
eta umeekin haiei buruz hitz egin horien parte hartzea bermatzeko, eta guk
hauek begiratu gabe pasa genituen. Nahiz eta umeek oraindik irakurtzen ez
jakin, jada interpretatzen badakite eta honetaz baliatu behar gara ikasleen
parte-hartze aktiboa lortzeko. Horregatik, ilustrazioei garrantzia ematea eta
haurrei ilustrazio hauek begiratzeko denbora eskaintzea beharrezkoa da.
Horretarako, ipuina irakurtzen hasi baino lehen ziurtatuko gara haur guztiek ipuina
ikusten dutela.
Honekin batera, aniztasunari buruzko liburuen
lanketaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Haur Hezkuntzan bereziki,
irakasleok, haurren erreferente izango gara eta guk egiten eta esaten dugunaz
ikasiko dute beraiek. Horregatik, ezinbestekoa da ipuinak aukeratzerako
momentuan ipuinak aldez aurretik irakurtzea eta hauek prestatzea naturaltasunez
kontatu ahal izateko. Gainera, ipuin gehienek baloreak transmititzen dituzte,
hauek zeharka nahiz zuzenean landuz. Beraz, irakasleon lana ipuin horiek
aukeratzea eta ipuinek transmititzen dutenarekin bat jokatzea izango da.
Hitz egiten egon ginenean ondorio batera iritsi ginen:
gaur egun IKTen eraginez etxean geroz eta gutxiago irakurtzen dela. Honen
garrantzia azpimarratu nahi dugu ipuinaren momentuan guraso eta umearen artean
sortzen den lotura beste momentu gutxitan sortzen dela pentsatzen dugulako.
Horregatik, uste dugu irakasle izango garen heinean, gure lana ez dela mugatzen
soilik haurrekin lan egitera, baita ere, gurasoekin lan egitea eskatzen du.
Ezinbestekoa iruditzen zaigu gurasoei ipuinen garrantzia helaraztea eta ipuinak
aukeratzen laguntzea bai eskolan bai etxean balore berdinak transmititzeko eta
haurraren bi erreferente nagusi hauek bide berdina jarraitzeko.
Esan beharra dago hausnarketa eta auto-ikasketa
garrantzitsuak direla beste pertsonengandik ikasteko eta hauek errespetatzeko.
Haurrak kritikoak izaten ikasi behar dute gizartearekin, etorkizunean heldu
kritikoak izan daitezen. Horregatik, haien iritziak eta ideiak entzun behar
ditugu; honetarako, presente izan behar dugu ezinbestekoa dela bestea entzutea.
2. Hausnarketa aniztasunaz eta proposamena eskolara
begira.
- Lagundu al digu ipuinen lanketak
aniztasunaz dugun ideia zabaltzen, aldatzen edo garatzen?
Liburu hauen lanketa gauzatu baino lehen, aniztasunari
buruzko ideia bat bageneukan. Nahiz eta aniztasunari buruz aldez aurretik
lanketa bat egina izan, aipatu beharra dugu, oso baliagarria izan zaigula orain
beste ikuspuntu desberdinak aztertu ahal izateko.
- Zer ikuspegi ematen digute
ipuinek? Eraginkorrak iruditu al zaizkizue gai hauek eskolan lantzerako
orduan? Zergatik?
Orokorrean, haurrekin gai sakon hauek landu ahal
izateko, ipuinak baliabide moduan erabili ditzakegu. Horrela, ipuinen bidez gai
horiek landu ditzakegu, ipuin horiek gai sakon horiek haurrekin hitz egiteko
egokituak daudelako. Aniztasuna modu askotan landu dezakegu (ipuinen bidez,
jolasen bidez…). Askotan ez dakigu nola landu gai hau edo nolatan hasi
aniztasuna lantzen ikasleekin eta liburu hauek oso baliagarriak izan daitezke
lanketa hauei hasiera eman ahal izateko.
- Zer lanketa proposamen egingo
zenukete eskolara begira?
Landutako liburuak aukera asko eskaintzen dute
eskolara begira hauek lantzeko proposamen bat osatu ahal izateko. Lehenengo bi
liburuen irakurketa osatzeko orduan ikasleen parte hartzea bultzatu dezakegu
eta ikasle eta irakaslearen artean istorio bat asmatzea bideratzen du.
Lanketa mota honek interakzioa beharrezkoa du, eta
ikasleen papera aktiboa izan behar du hauen arrakasta bermatzeko.
Bi liburu hauek familia baten barruan eman ahal diren
familia ereduak eta animaliak lantzeko oso baliagarria izan daitezke. Klasearen
beharren arabera eduki desberdinak landu daitezke eta baita umeen sormena ere.
Bi istorio antzeko baina desberdin hauen artean loturak ezarriz.
Comentarios
Publicar un comentario