CALCUTA ONDOAN




Aurreko ostiralean, hilak 22, Calcuta ondoko hitzaldi bat jaso genuen. Hitzaldia aniztasunari buruz izan zen eta bertan jaso genuen informazioa  gainontzeko hitzaldietan jasotakoaren antzekoa izan zela iruditu zitzaigun.

Esan beharra daukagu, gure ustez,  hitzaldi honetan gehiago jorratu dela generoaren gaia eta bestetan, berriz, kultura-aniztasunarena.

Hitzaldiari hasiera emateko talde osoa bi taldetan banatu zen eta talde bakoitzak dinamika ezberdin bat egin zuen. Dinamika hauek gure etorkizunean praktikan jartzeko baliagarriak izan zaizkigula eta baita gure artean ditugun ezberdintasun eta ezaugarri anitz horietaz ohartzeko ere.

Ondoren, gelara bueltatu ginen eta baloi baten bidez beste dinamika bat egin genuen, non baloia zuen pertsonak, egin genituen jarduerak aniztasunarekin zer lotura zuten aipatu behar zuen.

Hori amaitu ostean, talde ezberdinetan banatu ginen eta talde bakoitzari gai jakin bat esleitu zitzaion. Gai horrekin batera galdera batzuk proposatzen ziren, horiek erantzun eta hauen inguruan hausnartzeko. Hori egin eta gero, ateratako ondorio nagusienak horman itsatsi genituen, ondoren gainerako gelakideekin elkarbanatzeko.

Hau egin eta gero, atsedenerako tarte bat izan genuen eta hori bukatutakoan, beste ekintza batekin hasi ginen. Bertan, aurreko jardueran osatutako taldeetan jarri ginen eta beste galdera batzuei erantzun behar izan genien, eta aurreko jardueran bezala, ateratako ondorioak elkarbanatu genituen gainerakoekin taldeko bozeramaile bat aterata. Dinamika hauek egin ostean, aniztasunari buruz genekiena azpimarratu zuten berriro eta hausnartzera eraman gintuzten.

Bukatzeko, ebaluazioa egiteko bestelako modu bat proposatu ziguten. Kutxa bat ekarri zuten, barnean objektu desberdinak aurkitzen ziren: orratzak, bonbila, kafe katilua, kotxea, ispilua… Pertsona bakoitzak, egunean sentitutako eta bizitutako esperientzia hori objektu horietako batekin erlazionatu behar zuen.

            Ondorio gisa, esan behar dugu, arestian aipatu bezala baliagarria izan arren, gainerako hitzaldien oso antzekoa suertatu zaigula; hau da, oso hitzaldi dinamikoa izan zela eta hau gustuko dugula, baina hala ere, landutako gaiak eta emandako informazioa oso errepikakorra egin zaigula. Beste alde batetik, gelan lan modularraren inguruan hitz egin dugunean, irakasleek aniztasuna oso zabala dela eta modu oso zabal batean landu daitekeela azaldu digute, baina hitzaldiak aniztasunaren alderdi zehatz batzuk soilik landu dituzte, gehienbat kultura aniztasuna eta genero aniztasuna.


Comentarios